Taup-taup… XARE ekitaldi berria martxan!

2025-2026 ikasturtea hastearekin batera abiatu da XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien ekitaldi berria.

Aurten inoiz baino herri eta hiri gehiagotara iritsiko da gure unibertso digitalaren erakusleiho hau, Bilbo eta Amorebieta-Etxano batu direlako aurreko urteetako zerrendara.


Urriak 1: Bilbo, La Perrera
Urriak 7-8: Iruña, Baluarte Jauregia
Urriak 16: Baiona, Baiona-Euskal Herria Merkataritza eta Industria Ganbara
Urriak 22: Barakaldo, Clara Campoamor Zentro Zibikoa
Urriak 24: Amorebieta-Etxano, Zelaieta Zentroa
Azaroak 27: Errenteria, Lekuona Fabrika eta Udal Liburutegia
Abenduak 2: Laudio, Udal Kultur Aretoak
Abenduak 10-11: Donostia, EHUren Gipuzkoako Campuseko Ignacio Maria Barriola eraikina eta Carlos Santamaria Zentroa
Abenduak 17-18: Gasteiz, Europa Biltzar Jauregia

Hitzordu guztiak batuta, aurten 4.570 gazte gehiagorengana iritsiko da XAREren proposamena! Eta, zein da proposamen hori? Bada, euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutzeko gonbidapena, horien guztien erakusleiho bat, menu bat, nork nahiago duen horretan aurrerantzean sakondu dezan.

Izan ere, gazteak hartzaile-kontsumitzaile izatetik euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen nahi du XAREk!

Musika autoekoizteko hastapen-lanabesak, argazki-teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, app-ak nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna Sarean… askotarikoak dira ikasleek jorratuko dituzten gaiak. Eta euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira XARE programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz, euren grina kutsatu nahi diete gazteei: ERAGIN komunikazioa, TALAIOS kooperatiba, ELURMALUTA proiektu artistikoak, GISA software librearen aldeko elkartea, EMAIZE sexologia zentroa, CODESYNTAX, PROTOMAKERS club, KATUBI ikus-entzunezkoak, GAME ERAUNTSIA euskarazko bideojokozaleak eta Dj MAKALA, besteak beste.

Eta zenbai galdera ere eramango dituzte etxera bueltan: Egunean zenbat ordu pasatzen ditut pantailei begira? Detox digitala behar dut? Zer gertatzen da nire datuekin Wifi sare handi batera konektatzen naizen bakoitzean? Arrasto digitala iraungitzen al da? Nolako eragina dute besteengan nik sare sozialetan argitaratzen ditudan irudiek eta mezuek?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude