Une honetan, Donostiako sei ikastetxetako 222 ikasle parte hartzen ari dira egitarauak eskaintzen dizkien zortzi lantegi praktikoetan, bi hitzaldi interaktiboetan eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidan.
3D inprimagailuak, bideo-joko mahaiak, musika nahasteko aplikazioak, errealitate birtualarekin jolasteko lanabesak eta beste hamaika dispositibo digital martxan dira une honetan UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Informatika Fakultatean. Eraikin horrek hartu baitu Xare jardunaldiaren programaren IKAS ARETOA: zortzi lantegi praktiko gazteek euskarazko softwareak ezagutu ditzaten eta euren gaitasunak proba ditzaten.
Protomakers, Talaios eta Game Erauntsia elkarteetako kideak eta Dj Makala ari dira tailer horiek gidatzen, nor bere diziplinatik. Besteak beste, robotika edota automatizaziora hurbiltzeko, eskema elektronikoak interpretatzen ikasteko, bideo mappinga erabiltzeko edota Android mugikorretarako aplikazioak sortzen hasteko oinarri-oinarrizko ezagutzak partekatzen ari dira.
Izan ere, horixe da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatu eta UPV/EHU-ren Informatika Fakultatearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatzen duen proiektuaren helburua: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea.
Informatika Fakultateak hartu duen IKAS ARETOAz aparte, Ignacio Maria Barriola eraikinean beste bi gune daude martxan goiz-goizetik.
Batetik, ERA ARETOA izena hartu duen gelan, bi hitzaldi labur eta dinamiko entzuten ari dira ikasleak.
Sareko pribatutasunari buruzkoa da lehena; Maider Likona informatika injeniariaren eskutik, batez ere arrasto digitalaren ondorioez eta honen iguruko kontzientzia hartu beharraz jarduten ari dira.
Bigarren hitzaldiak, Ane Ortiz sexologoak gidatuta, sare sozialei egiten die erreferentzia zuzena, eta horien bidezko harreman afektibo-sexualen aurrean, gure burua ez ezik, gure ingurukoena ere zaintzeko jarraibideak partekatzen ari dira.
Hirugarrenik, JOLAS ARETOAn, Egunean Behin joko ezagunaren zuzeneko partidan lehiatzen ari dira gazteak. Euskarazko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin, bakarka nahiz taldean jokatzeko diseinatua. Test moduko 10 galdera dira guztira, ahalik eta azkarren erantzun beharrekoak. Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatutako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortzen dituzte ikasleek, eta horren arabera sailkapenean gora edo behera egiten dute.
Ikasteaz, hausnartzeaz eta jabetzeaz aparte, neska-mutilek euskarazko IKTez goza dezaten nahi baitute Xare egitasmoaren bultzatzaileek; euskarazko kultura digitala kontsumitzea eta ekoiztea esperientzia dibertigarri, gozagarri eta atseginarekin lotu dezaten.
Xare Euskarazko Kultura Digigalari buruzko III. Jardunaldi honen lehen saioa 13:45ak arte luzatuko da gaur. Eta datorren abenduaren 9an izango da bigarren saioa, leku eta ordu berean, eta beste 305 gaztek hartuko dute parte. Guztira 527, bi egunak kontuan hartuta.
Aurrerago, abenduaren 22an, Gasteizko Europa Jauregiak hartuko du aurtengo azken ekitaldia, eta horretxek borobilduko du 2022ko Xare jardunaldi-zikloa. Iragan urriaren 13an eta 14an, bestalde, Iruñeko Baluarte Jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean, eta orotara 1.300 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten