Datozen abenduaren 5ean eta 9an, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Informatika Fakultatea eta Ignacio Maria Barriola eraikina Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) gune garrantzitsu bihurtuko dira. Xare egitasmoaren hirugarren edizio honetan ere, gazteak izango dira protagonista, Donostiako 11 ikastetxetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1go mailako 527 ikaslek hartuko baitute parte.
Bi egoitza horiek hiru gune hartuko dituzte: Informatika Fakultatean IKAS aretoa egongo da. Ignacio Maria Barriola eraikinean, aldiz, ERA eta JOLAS aretoak. Hala, goizeko 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUren Informatika Fakultatea dira ekimenaren laguntzaileak. Horregatik, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzia ez ezik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Borja Calvo UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako eta Ikerkuntzako dekanordea ere hurbilduko dira abenduaren 5eko saiora. 9:00etan ongietorria egingo diete gazteei, eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraituko dituzte.
EGITARAU PRAKTIKO ETA DINAMIKOA
> IKAS aretoan, gazteek 8 lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute.
- ‘Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak’ – Dj Makala.
- ‘Bideo mappinga; errealitatea areagotzen proiekzioak objektuen geometrietara doituz’ – Elurmaluta.
- ‘Appinventor. Android mugikorrentzako aplikazioak sortzeko oinarrizko ezagutza’ – Talaios.
- ‘Errealitate birtuala’ – Protomakers.
- ‘Arduino; hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak’ – Protomakers.
- ‘3D inprimagailuak’ – Protomakers.
- ‘Adimen artifiziala’ – Protomakers.
- ‘Gamer gela’ – Game Erauntsia.
> ERA aretoan, 2 hitzaldi labur eta dinamikotan parte hartuko dute.
- ‘Pribatutasuna Sarean’ – Maider Likona informatika
ingeniaria, Gisa elkartea.
Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez jardungo dira.
- ‘Harremanak 3.0: like bat eman’ – Ane Ortiz sexologoa.
Esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertzeko, eta arriskuak gutxitzeko edo ekiditeko baliabideak jorratuko dituzte.
> JOLAS aretoa da aurtengo berritasun nagusia.
III. edizio honek euskararen eta IKTen inguruko esperientzia ludikoa indartu nahi du. Horretarako, besteak beste, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei.
GAZTEAK, EUSKARA ETA IKT
Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Xare ekimenari izaera ematen dioten hiru ardatzak. Euskarak etorkizun bizia eduki dezan ezinbesteko bihurtu baita gazteak euskarazko kultura digitalean trebatzea, are gehiago pandemiak IKT berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak bizkortu dituen honetan.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea dira Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako Xare egitasmo estrategiko honen helburu nagusiak. Besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta gazteen artean horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Eta, batez ere, parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologia berriez goza dezatela, esperientzia ludikoa izan dadila.
HIRUGARREN EDIZIOA LAU URTETAN
Programa honen lehen-lehen aurrekaria 2012an Xare izen bera baliatuz Donostiako Kursaalen antolatutako IKTen azoka izan zen.
Baina egun duen formatuan duela lau urte abiatu zen eta orduz geroztiko hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Izan ere, 2020an, Covid-19ak eragindako osasun larrialdia dela-eta, ezinezkoa izan zen jardunaldia antolatzea. Iaz, pandemiagatiko neurri murriztaileak tarteko, izaera erdi-presentziala hartu zuen eta aurten, aldiz, 2019ko lehen edizio hartako formatu bera berreskuratuko du. Alegia, Gipuzkoako hiriburuko 11 ikastetxetatik etorritako 500dik gora ikasleak bertatik bertara trebatuko dira haientzat prestatutako lantegi, hitzaldi eta joko-saioetan.
Datorren abenduaren 5eko eta 9ko hitzorduak oso bereziak izango dira, beraz. Xare jardunaldiak, berriz ere, euskarazko IKTen eta kultura digitalaren erreferentziazko gune bilakatuko baitu Donostia.
AURTENGO AZKEN GELTOKIA: GASTEIZ
Aurrerago, abenduaren 22an, Gasteizek hartuko du aurtengo azken saioa eta horretxek borobilduko du 2022ko Xare jardunaldi-zikloa. Iragan urriaren 13an eta 14an, bestalde, Iruñeko Baluarte Jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean, eta orotara 1.300 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten