… eta aurrera goaz 2025 honetako XARE egutegian…

Urriaren 16an Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Baionara iritsi ziren bigarren aldiz.
ON! proiektu euskaltzaleak, Mundu Berriak berrikuntza sexologikorako irabazi asmorik gabeko erakundeak eta Eragin Komunikazioak elkarlanean antolatuta eta Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeak diruz lagunduta, hitzorduak 270 gazte baino gehiago bildu zituen Merkataritza eta Industria Ganbaran.
Bereziki pozgarria izan zen aurreneko aldiz Doneztebeko Mendaur ikastetxeko ikasleak ere hurbildu zirelako eta, beraz, Lapurdiko (Villa Pia Lizeoa, Bernat Etxepare Lizeoa) eta Gipuzkoako (Hondarribiako Talaia Institutua) gazteak ez ezik, Nafarroa Garaikoak ere saretu zirelako.

2025 honetako programak dakarren berritasun nagusia, Baionan estreinatua gainera, Zainduz Saretu izeneko ihes jokoa da. Munduberriak elkarteak garatu du eta sare sozialei buruzkoa da. Hainbat erronkaren bitartez, sare sozialetan gertatzen diren egoera errealak aztertzera gonbidatzen ditu gazteak: gorroto-diskurtsoak antzemateko, ligatzerakoan “red flag” eta “green flag” seinaleak identifikatzeko, sexting-ari buruz gogoeta egin eta “fake news” edo gezurren aurrean nola jokatu hausnartzeko, besteak besteak. Jokoak plano analogikoa eta digitala uztartzen ditu: material fisikoak ez ezik telefonoetan instalatutako app bat erabiliz QR kodeak eskaneatu, arrastoak bilatu eta, lankidetzan, erabaki kolektiboak hartu behar dituzte.

Urriaren 22an, Barakaldon, gehiago!

Baiona aspaldiko geralekua da XARE jardunaldien mapan eta, aurten, ekimenak beste 200 gazte deituko ditu Clara Campoamor Zentro Zibikoan eukarazko unibertso digitalean murgiltzera. Bertakoak ez ezik, Portugaleteko eta Sestaoko neska-mutilak ere hurbilduko dira.

Barakaldoko Udalak eta Azkue Fundazioak babestutako egitarauak azken horrek martxan duen MEMEKA lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatuko die gazteei; Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik izango dute horren berri.

Horrez gain, ohiko lantegi praktikoak, hitzaldi interaktiboak, Egunean Behin jokoaren partida kolektiboa, zozketak eta… adi! Zuzeneko musika ekarriko du XAREk Clara Campoamor zentrora.

Eta ez da edonolako saioa izango! 10:45ean, Sara Zozayak kontzertu akustikoa emango baitu auditorioan. Attä izeneko EP berria aterako du azaroaren 11n, Alejo Orbegozo ‘Ke_Lepo’rekin batera sortu du eta dagoeneko hasi da zenbait doinu aurreratzen. Hortaz luxu hutsa izango da Sara Zozaya eta bere aldebiko unibertsoa (“koba iluna eta loreak”) Barakaldon aditzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude